XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

5.5.-HETIO-REN IKERKETA KOANTITATIBOA

Televisión Española eta Euskal Telebistak emititzen dituzten albistegien edukina koalitatiboki aztertu eta gero, honako atal honetan, metodologia koantitatiboa aplikatuz eginiko lanaren emaitzetan zentratuko gara.

Edukin-azterketa koantitatiboaren emaitza oparoa ordenatuz, atal honetan lau azpiatal definitu ditugu.

Lehenean, hiru albistegien emaitzak bateratuz, Hego Euskal Herriko telebistagintza informatiboaren (HETIO) nondik-norakoak azalduko ditugu, orokorrean harturik.

Ondorengo hiru azpiataletan Teleberri, Telenorte eta Telenavarra deritzoten izakera eta ñabardura bereiztuei egingo diegu kasu.

Telebista-kanale bakoitzari dedikaturiko kapituluan, hasteko, albistegiaren testuingurua, egituraketa eta osagarri formalak, azalduko ditugu, gero, bere barruan aurkitu daitezkeen Informazio Unitate Kateen (IUK) baitan sartzeko (ikus Oinarri metodologikoak izeneko atalean dagoen azalpena eta, bereziki, ikerketaren atal desberdinen arteko lotura argitzen duen grafikoa).

Beraz, albistegien egituraketa globalari errepasua eman ondoren edukinean zentratuko gara, bere alderdi ahozko zein ikonikoan barna arituz.

IUK bakoitzean hitzez esan zein irudiz erakusten direnak sakonean miatuko ditugu.

Albistegien edukin koantitatiboa azaltzekoak garen honetan, komenigarria da gogoratzea, berriro ere, zein lotuta eta elkar-osagarriak diren albistegien forma eta edukina.

Biek gauzatzen dute lan-eguneroko informatiboetan entzulegoari aurkezten zaion produktua, eta biek adierazten dute igorleak albistegia fabrikatzerakoan duen ikuspegi eta jarrera.

5.5.1.-Albistegien testuingurua

Azpiatal honetan bateratu egin ditugu hiru telebista-kanaleen emaitzak (ETB, TVEBI gehi TVENA), eta horrela Hego Euskal Herrian egiten den informatibogintzaren irudi orokorra eman ahal izango dugu.

Badira, nola ez, hainbat elementu formal globaliza ezinak direnak, kanale baten aurki daitezkelako eta ez besteetan.

Hori horrela izanik ere, aipaturiko kanaletako emisio informatiboek amankomunean dituzten molde eta elementuetan zentratuko gara.

Esku artean ditugun albistegien emisioa, eguerdiz, ordu biak eta ordu bi t'erdiak bitartean izaten da, bazkalostean beraz.

Guztiek betetzen dute, tradizionalki informazioari dedikaturiko ordutegi hori, goizeko programazioa amaitu eta arratsaldekoari ekiteko lehen momentuetakoa.

Kontuan izan behar da, Estatu espainiarreko telebistagintzan paradigmatikoa den hiruetako Telediarioa (TVE) emititzen dela egunero.

Bazkal ondoko ordu tarte horietan goizean zehar izan ez duen audientzia kopurua bereganatzen hasten da telebista (ikus eranskinetan audientzia kopuru datuak orduen arabera nola aldatzen diren).

Ordu erdiko formatoa izaten dute eskuartean ditugun albistegiek eta bere baitan, ikerketaren helburuek hala eskatzen zutelako, Teleberriren kasuan eta berez horrela egiten delako Telenorte eta Telenavarran, nazioarte zein Estatu espainiarreko berriak baztertu egin ditugu.

Edukinez Euskal Herriko notizietan zentratu gara ikerketa-lan honetan, gainera, hiru esparru tematiko, marjinalak bestalde, alboratu ditugu: eguraldia, burtsa eta bonolotoari buruzkoak.

5.5.2.-Albistegien egituraketa

Esku artean ditugun albistegiek ordu erdiko formatoa erabiltzen dute, eta atzetik publizitatea emititzen denez, laburragoa gelditzen da.

Informazio-saioa karetaz hasi eta etenik gabe luzatzen da, amaierako sintonia edota kastinaz itxi arte.